Eguraldia | >> CASTELLANO << | 2012ko otsailaren 4a
aquí esta la fechaOngi etorri Arangurengo Udalaren web orrira.
Administrazio Publikoak hasitako kalitate- eta modernizazio-politikaren barnean, informazio-teknologia berriak erabiltzea bultzatzen ari dira. Abantaila nabarmenak dakartza horrek: datuak berehala eskuratu ahal izatea, artxiboak eta ahotsa abiadura handiz besterentzea, posta elektronikoa, eta abar. Gure Udala ahalegin handia egiten ari da Arangurengo herritarrek teknologia horiek eskura izan ditzaten; horixe erakusten du orain aurkezten ari garen eta pixkanaka zabalduz joango garen internet sarbideak.
Mutiloabeiti, Mutiloagoiti, Taxoare, Zolina, Labiano, Gongora, Ilundain, Lakidain eta Aranguren herriek osatzen dute Arangurengo Udala. Iruñea iparraldean kokatua dago ibarra; 45 km-ko azalera du, eta Iruñerriko birika berdea izenez da ezaguna, paisaia zoragarriak eta oinezkoentzako ibilbide ugari biltzen baititu.
Nik zuzentzen dudan Udalak administrazio-arloa berregituratzeari ekin zion 1990ean. Ondorioz, Mutiloagoitiko eta Mutiloabeitiko kontzejuak desagertu egin ziren, herritarrek hala nahita betiere, eta, kontzejuen gainerako eskumenak bertan behera utzirik, Udal bateratua eratu zen.
Horri esker, ibarreko herritar guztiak ados zirela, plan estrategiko bat egin ahal izan genuen, eta, hartan, ibarraren hazkuntza bultzatzeko eta zerbitzuak sortzeko jarraibideak finkatu genituen. Planifikazio hura errealitate bihurtu dela esan dezakegu gaur egun, Iruñerriko hornikuntza onenetariko bat baitugu.
Gure udal-barrutian, industria txiki ugari dago; Taxoareko Pymes Osasuna Kirolgunea, esate baterako. Unibertsitate-kanpusa ere gure udal barrutian dago. Lakidainen jaiotzen da Sadar ibaia; urak Arga ibaira isurtzen ditu Sadarrek. Ilundainen, baserri-eskola dago; eskola horretan, landareekiko eta animaliekiko etengabeko harremanari eta gizartearen babesari esker, gizarteratzeko arazoak dituzten gazteei laguntza ematen zaie. Oihan-eremu zabalak daude Arangurenen, aniztasun handikoak, hala nola Gongorako oihana eta Taxoareko mendiak. Hiriguneetan ere belardi anitz dugu, eta etxebizitzen kalitatea ere bermaturik dago. Herritarrek parte-hartze handia dute kirol-, gizarte- eta kultura-arloetan.
Une honetan, 6.000 biztanle ditu Arangurenek. Pixkanaka-pixkanaka biztanleria eta zerbitzuak haztea da gure helburua.
Herri guztien ordezkari den talde independente batek osatzen du gure gobernu-taldea, eta herritarrek zuzenean parte hartzen dute udal-erabakietan; kontuan izanik eskualde handia dela gurea, merezimendu handia du horrek.
Gure ibarra, herriak eta ohiturak ezagutzea duzue onena. Hona gure gonbita.