Erdi Aroko Irulegi (Aranguren) gazteluaren zaharberritze eta musealizazio lanen bukaera

November 23, 2017

DCIM100MEDIADJI_0408.JPG

Datorren asteartean azaroaren 28an Arangurengo udalean (Mutilba) gazteluko lanen emaitza eta pieza arkeologiko ikusgarrienak aurkeztuko dira. Horrez gain, gazteluaren eta pieza arkeologikoen 3Dko modeloak ikusgai egongo dira.

• Irulegiko gazteluaren ikerketa arkeologikoaren proiektua 2006.urtean hasi zen, Arangurengo udalak bultzatuta. Aranzadi Zientzia Elkarteak laguntza teknikoa eman zuen, eta ezinbestekoa izan da bizilagunen eta ikerketa zentro ezberdinen laguntza proiektua aurrera eramateko.

• Urte hauetan indusketa arkeologiko ezberdinak egin dira, beti helburu berdinarekin, gazteluaren zaharberritzea, estrukturen kontsolidazioa, musealizazioa eta aztarnategiaren dibulgazioa. Horretaz gain, bizilagunen boluntariotza bultzatu nahi izan da egin diren auzolanen bitartez.

• Gazteluaren kokapena oso garrantzitsua da. Irulegiko mendian kokatuta dago (Arangurengo bailaran) eskualdea kontrolatzeko toki estrategiko batean alegia. Eta honela izan da Brontze Arotik Nafarroako Erreinuaren gainbehera arte.

• Azken hamarkadan berreskuratu diren Erdi Aroko aztarnetatik honakoak dira aipagarrienak:

  • - Eraikinen zantzuak, hala nola iltzeak, harlandua, gazteluaren ateko piezak, teilak..
  • - Gerra elementuak: baleztentzako dardo puntak, gezi puntak, ezpata zatiak, katapulta edo setio tresna baten jaurtigaiak, armadura-plakak…
  • - Eguneroko bizitzan erabiltzen ziren objektuak, hala nola, zeramika zatiak, dadoak, labanak, igitaiak, ferrak, jostorratz bat, giltzak…
  • - Apaingarriak: eraztunak, plakak, gerrikoen belarriak…
  • - Abereen hezurrak, esaterako ahuntzak, ardiak, zerriak, behia eta zaldiak.

DCIM100MEDIADJI_0416.JPG

• Harresi zein dorreen kontserbazio maila onagatik gaztelua berritu eta kontsolidatzea posible izan da. Horretarako, bailarako igeltsero eta harginak erabili dira, boluntarioen lanarekin batera. Gazteluaren erortzetik aprobetxatu dira harlandu eta hormarriak, eta mortero bitartez berreraiki dira antzina birrindu ziren hormak. Lan hauek zuzen burutzearren Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak irizpide teknikoak eskaini ditu. Gazteluko lauza originalak mantentzea lortu du ia bere osotasunean, eta aurtengo kanpaina arkeologikoan sarbide nagusia zein ateko zurezko ardatza eusten zuen harria deskubritu dira.

Autor_Enrique_Lekuona• Enrike Lekuona zenak ilustratutako zortzi panelen bitartez, fortearen inguruan bisita gidatua eskaintzen zaie bisitariei, Erdi Aroko gune honen historia, gazteluko dorre nagusia, uharka, kapera eta aztarna arkeologikoei erreparatuz.

• Gazteluaren proiektu arkeologiko zein arkitektonikoa amaitutzat ematen da, eta hedapen tresna moduan 3D modeloa eta bisita birtuala aurkeztuko da hurrengo asteartean, azaroak 28, 19:00etan Arangurengo udaletxean. Bertan modelo tridimentsionala erakutsi eta Aranzadiko ikerlariek azalpenak emango dituzte. Ekitaldia irekia eta doakoa da.

tarjeton_irulegi_11_2017


<< atzera