ARANGUREN IBARREKO NOBLEZIA TITULUAK

“Gongorako Markesa”

Nafarroako noblezia-titulua da, 1695ean Karlos II.ak  Juan Cruzat eta Gongorari —Nafarroako oinezko erregimentu-zelaiko maistrua, Santiagoko Ordenako zalduna eta Orizko jauregiaren jauna  zenari— emandakoa.Halaber, 1399an, Zolinako jaurerria Per Arnaut Garrorena zen (Karlos III.aren ostatu-maistrua zenarena). Jaurerriak bizkonderri maila lortu zuen haren semearen garaian, Juan Garroren garaian, hain zuzen ere, eta, ondorioz, Zolinako bizkonde bihurtu zen.

IRULEGIKO GAZTELUARI BURUZKO MONOGRAFIA

Sarrera

Aranguren mendilerroaGauza gutxi dakigu Nafarroa babestu zuten Erdi Eroko gazteluei buruz. XV. mendean, 100 inguru zeuden, baina, gaur egun, ia ez dago haien aztarnarik. Kasurik hoberenetan, eraikin horien hormen puskaren bat gelditzen da. 1512an hasi ziren Nafarroako erdi aroko gotorlekuak suntsitzen, Gaztelako tropei aurre egin ez ziezaieten.

Beraz, ia ez dago horien arrastorik; hala ere, Erdi Aroko Kontu-dokumentuek argi uzten dute, batetik, erresuma hark gotorlekuak eraikitzean oinarritu zuela bere defentsa eta, bestetik, herritarrek berek mantentzen zituztela. Espiritu haren oinordeko gisa, udalek, gaur egun, beren ondarea berreskuratu nahi dute, poliki-poliki. Ezbairik gabe, ondarearekiko eta historiarekiko interes hori hazten ari da izaera berezia beti izan duen lur honetan. Nafarroa osoko herritarrengan eta udaletan, azaleratzen hasi da nahi hori.

Kokalekua

Irulegiko gaztelua Aranguren mendilerroan dago, Irulegi gailurrean (Lakidain haitz ere esaten zaio). Gailur horrek 893 metro ditu eta honako herri hauen gainean dago: Lakidain eta Ilundain (Aranguren Ibarra) eta Lerruz eta Idoate (Lizoain). Halaber, mendi horren silueta argi ikus daiteke Iruñetik.

Aranguren mendilerroaGailur horren iparraldean, malkar harkaiztsua dugu, baina, beste hegietan ere, malda handiak ditugu. Argi dago, beraz, gaztelua zergatik eraiki zen hor. Hegoaldea alderik iritsi-errazena da, eta, han, baditugu babes-erreten bat eta babes-harresi bat; aurrerago, sakonago aztertuko dugu azken hori.

Izena

Irulegi toponimoa “Iru” zenbakiak eta “legi” (gotortutako gailur) hitzak osatzen dute; beraz, hiru gailur-edo esan nahi du. Badirudi zerikusia izan dezakeela Aranguren mendilerroan gailentzen diren hiru puntekin.

Historia

Ez dakigu ziur zein urtetan eraiki zen gotorlekua, baina haren kokaleku estrategikoak eta inguruko gotorlekuekin duen ikus-komunikazioak pentsarazten digute Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela. Garai haietan, gotorlekuetan oinarritzen zen Iruñerriko baskoien defentsa-sistema; gotorleku horiek elkarri jakinarazten zioten ea arabiarren edo frankoen sarraldiren bat ote zetorren hiria menderatzeko asmoz. Sortu berria zen Iruñeko erresuma haren defentsa-sistema desfasatuz joan zen mugak zabaldu ahala. Ordurako, mugak ez zeuden Tafallan edo Monjardinen, Ebro ibaitik haratago baizik, eta, gotorleku horien erabilgarritasuna txikituz joan zen. Baskoien hasierako gotorleku horiek espetxe edo bizileku gisa erabiltzen hasi ziren; baina, gerra-garaietan, beren izaera militarra berreskuratzen zuten.

Historiaren aroaren arabera, hainbat etapa igaro zituen Irulegiko gazteluak: Gaztelaren kontrako gerretan (1378. 1429. eta 1460. urteetan), garrantzi militarra hartzen zuen, eta, orduan, Iruñerria defendatu ahal izateko, moldatu behar izaten zuten;  bake-garaietan, berriz, lasaiago ibiltzen ziren. Gorabehera defentsibo horiek Kontu-dokumentuetan islatzen dira, hor esleitzen baitziren gazteluen eta arma-gizonen garnizioak. 1378ko abuztuan, 18 gizon aipatzen dira dokumentu horietan, Gaztelaren kontrako gerrarako; gerraren ondoren, 5 gizonera murriztu ziren eta, hurrengo konfrontazio-garaietarako, berriz, 10 izango ziren.

Aranguren mendilerroaHala ere, bake-garaietan, bizitzeko modukoa zen gaztelua. Hiriburutik kilometro gutxira  egoteagatik eta, halaber, laboreen ekoizpen-produkzioen eremuetatik hurbil eta klima inguru atseginean egoteagatik, bizileku egokia zen espetxeburuentzat eta haien familientzat, kokaleku zailagoa zuten gazteluekin alderatuz gero behintzat. Hori argi gelditzen da 1374ko zenbait dokumentutan; izan ere, haietan, Zangozako merioak diruzainari aipatzen zion, hara egindako bisitan baten ondoren, Lakidainen gaineko gazteluan Gonzalo Ruiz Eransusko espetxeburua gazteluan bizi zela bere familia guztiarekin, eta horrek ez ziola eragozten bere lanak betetzea.

Gotorlekua eta eskualdea defendatzeko asmoz, gazteluak baldintza egokiak bazituen, ohikoa zen  gazteluburuak eta haren jendea han bizitzea. Halaber, ez zen harrigarria izaten, horietako bat hil ondoren, erregearen baimenaz, haren ahaideetako batek —oro har, semeak— kargua hartzea; esate baterako, Irulegin,  Martin Gartzia Ollokikoa hil eta gero, haren semeak ordeztu zuen 1330ean.

Defentsa-helburuaz gain, bake-garaietan honako zeregin hau ere izaten zuen: Koroaren interesak defendatzen zituen zerga-biltzaileak beren lana bete zezaten erraztuz. Hala ere, espetxeburuaren 1461eko kobrantzak  Arangurengo, Lakidaingo eta Ilundaingo nekazarien petxen bitartez egiten ziren; horrek argi erakusten du urte haietan gazteluaren arduradunarena zela gaztelua pagatu eta mantentzeko erantzukizuna. Hori dela eta, Kontu-dokumentuetan oso urriak dira gotorleku horren konponketei buruz egindako aipamenak.

1479an, Koroaren eta konestablearen arteko Agoitzeko akordioen ondoren, Leringo kondeari onartu zitzaion, besteak beste,  Biana herriaren eta Garañoko eta Irulegiko gazteluen jabea izatea.

 Aranguren mendilerroaGarai haietan, agramondarren eta beaumondarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea zen gazteluaren jabea, eta, XIV. mendearen bukaera hartan, Juan Mearin beaumondarra zen hango espetxeburua. Hala ere, 1494ko irailaren 19an, Joan III eta Foixeko Katalina Nafarroako errege-erreginek berreskuratu zuten gotorlekua. Urte hartako abenduan, Juan Garrok eta Remonet kapitainak hura suntsitzeko agindua jaso zuten, baliogabekotzat eta garestitzat jotzen baitzen. Argi dago suntsitze horrekin saihestu nahi zutela Gaztelaren hurbileko jendeak hiriburutik hain hurbil jabetzak izatea. Almenak eta harresiaren parte bat, defentsa-ateak eta bestelako elementuak eraitsi zituzten; hala ere, ez dirudi kalte horiek erabat baliogabetu zutenik gaztelua, eta, segur aski, dorre nagusiak bizilekua izaten jarraitu zuen. Denborak eta moldatzeko dirurik ezak gazteluaren behin betiko suntsipena ekarri zuten.

Iñaki Sagredoren lana, “Castillos de Navarra” liburuaren autorea