Aurtengoa, egitasmo honen bosgarren edizioa izango da Ibarrean, eta martxoaren 18tik maiatzaren 31ra egongo da martxan. Euskaltzale elkarte, liburutegi publiko eta liburu dendek elkarlanean antolatutako egitasmo honen helburua irakurzaletasuna sustatzea da.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Gainera, apirilaren zein maiatzaren bukaeran, programan parte hartu duten pertsonen artean 30 euroko erosketa txekeen zozketa egingo da.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %35 ordaintzeko aukera emango digu.