Jendaurreko ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, Udaletxeko 1. solairuan (Mutiloa pl. z/g).

Telefonoak 948 15 01 93 eta 948 15 13 82.

E-maila: euskera@aranguren.es

Udaleko Euskara Zerbitzuak programa, kanpaina, ikastaro eta jarduera ezberdinak biltzen dituen urteko planak garatzen ditu. Horien helburua hizkuntzaren sustapen eta normalizazioa da, administrazioan bertan zein udalerri mailan.

UDALEKO EUSKARA ZERBITZUAREN HISTORIA

Aranguren Ibarreko Euskara Zerbitzua 1995ean sortu zen. Hasieran Uharte, Esteribar eta Egueseko udalekin mankomunatuta egon zen, baina 2001. urtean Aranguren Mankomunitatetik atera zen eta Uharte eta Esteribarrekin teknikaria partekatu zuen, Aranguren Ibarrari lanaldiaren herena zegokiolarik. 2004. urtearen bukaeran Nafarroako Gobernuak diruz-lagundutako zerbitzu independente gisa hasi zen, lanaldi erdian. Horrela aritu zen 2007. urtera arte.

2006. urtean Udalak ikerketa soziolinguistiko bat egin zuen (behean ikus daiteke) eta bertan Ibarreko biztanleriek euskara zerbitzua indartzeko interesa adierazi zuten. Horregatik, 2007. urtean Ibarreko Udalak Zerbitzu hori indartzeko eta udaleko euskara teknikariaren postua egonkortzeko apustua egin zuen, lehiaketa-oposizio batean lanaldi osoko plaza finko bat ateraz.

Aranguren Ibarreko ikerketa soziolinguistikoa (2006. urtea) (Tamaina 693 Kb)

Aranguren Ibarreko Ikerketa soziolinguistikoa (2016 urtea) (Tamaina 3,41 Mb)

D EREDUA ARANGUREN IBARREAN

Beren seme-alabek Ibarrean euskaraz ikastea nahi zuten gurasoen zein Udalaren urteetako lanaren ondorioz, 2008. urtean San Pedro I.P.-an D ereduko lehenengo gela irekitzea lortu zen. Ordutik, gero eta gehiago dira Mutiloan euskaraz ikasi dezaketen Ibarreko haurrak.

Aranguren Ibarreko San Pedro Ikastetxe publikoan D eredua ikasten hasi ziren lehenengo ikasleek 2017an amaitu zuten zikloa. Hori dela eta, D eredua Ibarrean nola hasi zen jakin nahi izan zuen Aranguren TB, horri buruzko erreportaje bat eginez.

ARANGUREN IBARRA NAFARROAKO EREMU MISTOAN

Lehen aipatutako ikerketa soziolinguistikoan argi geratu zen, alde batetik, udalerriak eremu mistoarekin ezaugarri komun asko zituela, eta bestetik, herritarren gehiengoak (biztanleen %56,3ak) Ibarrak eta bere biztanleek lege trataera ezberdina izan beharko luketela defendatzen zuen (%39,5ak eremuen desagerpena defendatzen zuen, eta %16,8ak Ibarra eremu mistoan sartzea). Nafarroako Gobernuak urte berean egindako ikerketan, Ibarreko biztanleen %67,1ak Aranguren eremu mistoan sartzea nahi zuen.

2009ko otsailean argitaratu zen eta 2008an Nafarroako Gobernuak egindako ikerketaren arabera, herritarren %62,6ak garrantzia ematen zion udalerria eremu mistoan sartzeari.

Baina aldaketa hori eman ahal izateko, beharrezkoa zen aurretik Parlamentuak abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legearen 5.1. artikuluko a) eta b) hizkiak aldatzeko legea onartzea. Udalak zentzu horretan zenbait eskaera egin zizkion Parlamentuari eta Lege hori 2010eko otsailean aldatu zuen Parlamentuak.

Ibarreko biztanleen eskaerari erantzunez, Aranguren Ibarreko udaleko Osoko Bilkurak, 2010eko martxoak 30ean, gehiengo osoz, Ibarra eremu mistoan sartzeko akordioa hartu zuen. Akordio hori urte bereko apirilak 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Nafarroako Aldizkari Ofizialeko argitalpena

Ibarreko Irulegi Euskara Taldeak euskararen normalizaziorako lan egiten du eta gertaera hori ospatu nahi izan zuen. Ibarreko herrietan zehar jai ibiltaria antolatu zuen.

Ospakizuna 2010eko apirilaren 18an egin zen eta Aranguren Telebistak egindako erreportaje honetan, ospakizun horretako zenbait momentuz gozatu ahalko duzu.

ARANGUREN IBARREKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Aranguren Ibarreko Udaleko Osoko Bilkurak, 2013ko irailaren 24an, marko legal berriaren ondorioz dituen eskumen eta funtzio berriak betetzeko araudia ezartzeko, zein hiritarrengan sortutako itxaropen berriak betetzeko, Ibarreko udal esparruan euskararen erabilera arautzeko ordenantza behin-behinekoz onartu zuen.

Aranguren Ibarreko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza (Tamaina 572 Kb)

ZERBITZUAREN LAN ILDOAK

Udaleko Euskara Zerbitzuak burutzen dituen programa eta kanpaina asko Nafarroako Udaletako beste Euskara Zerbitzuekin koordinatuta garatzen dira (Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuen Sarea, NUETS). Ibarreko elkarte eta entitateekin koordinaturik ere garatzen dira zenbait jarduera eta ikastaro.

Urteko planeko programa, jarduera eta kanpainak >>

Komunikabideak >>