Beste gauza erakargarri batzuk

TAXOAREKO MENDIAK

Elortzibar eta Aranguren banatzen dituen gailurra da. Harearri eta kareharri uherrez osatua dago, eozeno-tuparriekin (priaboniar-biarritziarra) tartekatuta. Higadurak tuparrietan eragin handia duenez, harearrizko gandorrak sortu dira Taxoareko mendietan.

LANDARETZA

Oihangune ugari dago Taxoareko mendietan, eta, haietan, espezie mota anitz: pinudiak, hariztiak, larreak, lauguneak eta zuhaixkaguneak.

Noaingo ur-biltegitik ipar-ekialdera, landatutako pinudi bat dago. Pinudi horretan, pinurik onenak errespetatu dira, eta pinuen beheko adarrak moztu. Oihanpe urriko pinudiak dira, eta espezie gutxi aurki daiteke han; sasia besterik ez.

Pinudiaz haratago, haritzak eta arteak ikus daitezke nahasian. Gune horretan, adarrik onenak uzteko lanak, kimatze-lanak eta landatze osagarriak egin dira, bioaniztasuna hobetzeko asmoz. Basogintza prebentiboko lanak ere egin dira; alegia, lur-zerrenda estu batean sastrakak garbitzea, kimatze-lanak eta ale batzuk desagerraraztea.

 Taxoareko mendietan

Taxoareko mendietan

Iparraldeko hegalean, haritzez eta artez osatutako oihana aurkituko dugu. Hango oihanpea aberatsa da oso: urkia, elorri zuria eta marmaratila, eta baita zenbait lastodun eta lore ere, hala nola San Jose lore goiztiarra, urre-botoia, suge-belar pikarta, Erica cinerea L., Santiago belarra, eta abar. Hegoaldeko hegalean, berriz, berriki landatutako pinudi bat dago, eta ez dago zuhaixkarik.

Gune gorenean, haritzekin batera, pinu gorria ere ageri da, arteak ordezkatuz. Oihanpea aberatsa da han, eta agerian gelditzen dira ipuruak eta ezpelak.

(“Gran Enciclopedia Navarra” [Nafarroako Entziklopedia Nagusia] lanetik eta “Itinerarios forestales por el Valle de Aranguren” [Mendi-ibilbideak Aranguren ibarretik zehar] liburutik jasotako informazioa).