Udalak ‘Línea Verde’ aplikazioa indartu du, haren funtzionamenduan hobekuntza berriak txertatuz
Erabiltzaileen identifikazioak gorabeheren kudeaketa pertsonalizatuagoa ahalbidetuko du eta Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa optimizatuko du.
Aranguren Ibarreko Udalak funtzionalitate berriak ezarri ditu ‘Línea Verde’ aplikazioan. Plataforma anitzeko aplikazio horrek teknologia Ibarreko udalerrien kudeaketa, komunikazio eta ingurumenaren zaintzaren zerbitzura jartzen du. Aldaketa horien helburua Udalaren zerbitzu digitalak hobetzea da, herritarrekiko komunikazioa optimizatzeko.
2023an martxan jarri zenetik, ‘Línea Verde’ aplikazioak herritarrei hiri-ekipamenduetan izandako gorabeherak edo kalteak jakinarazteko aukera eman die, baita udal zerbitzuek egindako jarduketen egoeraren jarraipena egiteko ere. Gainera, aplikazioa interes orokorreko informazioa zabaltzeko kanal eraginkor gisa sendotu da; hala nola alertak, albisteak, kale mozketen inguruko oharrak, udal banduak edo udalerrian antolatutako jarduerak, besteak beste.
Horrela, urte hauetan metatutako esperientziaren ondoren, Udalak aplikazioaren funtzionamendua eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea optimizatzera bideratutako hobekuntzak egitea erabaki du. Berritasun nagusien artean, hemendik aurrera erabiltzaileak identifikatu beharko direla nabarmentzen da, gorabehera bat jakinarazi ahal izateko.
Neurri horrek arreta pertsonalizatuagoa eskaintzea, komunikazioen kudeaketa hobetzea eta abisu bakoitzaren jarraipen eraginkorragoa egitea ahalbidetuko du; udal zerbitzuen eta herritarren arteko harremana indartuz.
Hobekuntza horiekin, Aranguren Ibarreko Udalak berrikuntzarekiko eta gardentasunarekiko duen konpromisoa berresten du, kudeaketa eraginkorrago eta hurbilago baten alde egiten duten tresna digitalen aldeko apustua eginez.
Deskargatu Aranguren Ibarreko ‘Línea Verde’ aplikazioa hemen klik eginez.