Bortzirietako Euskara Mankomunitateak “Pello Apezetxea Zubiri” ikerketa beka aurkezten du
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, “Pello Apezetxea Zubiri” ikerketa beka antolatu du. Deialdi honen xedea da, Pello Apezetxea Zubiri euskaltzalea omentzeaz gain, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea.
Arlo horietan gai aunitz ikertzen ahal dira, bertzeak bertze honako hauek:
Soziolinguistika:
- Tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean
- Helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan
- Immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan
- Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean
Dialektologia
- Bortzirietako hiztegia
- Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak
Onomastika
- Toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena
Aukerako gai horiez gainera, aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bestelako gaiak ere proposatzen ahal dira.
Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira beka honen deialdira. Maiatzaren 31ra arteko epea izanen dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000,00 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.
Gainerako xehetasunak oinarrietan jasota daude. Oinarriak, eskaera orria eta informazio xehea hemen aurkituko dituzue. Harremanetarako, 948 634 125 telefonora deitzen ahal duzue edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatzi.