Parte hartu Olentzero eta Mari Domingiri Mutiloara ongietorria prestatzeko lehen batzorde irekian!
Aranguren Ibarreko Udalak eta Irulegi Euskara Taldeak ibarreko bizilagun eta kolektiboei Gabonetako ospakizunen antolakuntzan parte hartzera gonbidatzen dituzte.
Urtero bezala, Aranguren Ibarrak abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria emateko prestaketak hasi ditu. Horretarako, jadanik ibarreko hainbat elkarte biltzen dituen eta herritar guztiei irekita dagoen batzorde bat sortu da. Bilera honen helburua ongietorriaren prestaketa-lanak antolatzea da.
Horrela, Aranguren Ibarreko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Irulegi Euskara Taldeak parte hartzean interesa izan dezakeen pertsona eta elkarte orori lehen batzar irekira etortzeko gonbidapena luzatzen die. Azaroaren 5ean, asteazkenean, 19:00etan, Mutiloa Aretoan (Udaleko erabilera anitzeko areto zaharra, San Pedro plazatik sartuta) izango da.
Lehen bilera honetan aurreko urteetako esperientzian oinarritutako hobekuntza-proposamenak partekatuko dira eta abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria behar bezala prestatzeko lanak hasiko dira.
Gainera, datozen hilabeteetan beste bilera bat gutxienez egitea aurreikusten da, honen data aurrerago jakinaraziko da.
Aranguren Ibarreko Udaleko Euskara Zerbitzuak ibarreko bizilagunak ekimen komunitario honetan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu, guztion artean Olentzero eta Mari Domingiren harrera une magiko eta partekatua izan dadin.