Aranguren Lantegi Eskolako formakuntza praktikoa abian da
Joan den hiruhilekoan, Aranguren Lantegi Eskolako ikasleek erabilpen publikoko azpiegitura eta eraikin historikoen mantentze lanak burutu dituzte. Eskola honen sustatzaile nagusiak Aranzadi, Arangureneko Udala eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua dira.
ALE 2013ko irailaren 1ean ireki zen 16 ikaslerekin eta Aranguren I eta II Lantegien ondorengoa da. Helburu nagusia ikasleek lana aurkitzea da, eta horretarako ogibidea irakasteko modu praktikoa aplikatzen da urtebetez.
Azken bi proiektuak ez bezala, formakuntza plana eraikin eta hiri ekipamendurako polimantenimenduari buruzkoa da eta zurgintza, iturgintza, igeltserotza, eraikinen garbiketa eta elektrizitate moduluetan banatzen da. Honez gain, ikasleek bestelako formakuntza ere jasoko dute, hala nola arrisku prebentzioa, informatika, energia efizientzia eta jasangarritasuna, enplegua bilatzeko teknikak eta genero berdintasuna.
Hauek dira orain arte burutu dituzten lanak:
- Mutiloako hilerriko ehorzketa aretoaren birgaitzea
- Arangureneko udal plazaren hormaren konponketa eta Arangurengo Ibarraren Udal azpiegituren mantenimendua
- Arangurengo Bailarako San Pedro Ikastetxe Publikoan baratze baten instalazioa