2026ko otsailak 25

Euskara Zerbitzuak 2026. urterako dirulaguntzak argitaratu ditu

Aranguren Ibarreko Udalak laguntza ekonomiko berriak jarri ditu martxan hizkuntza ikasteko, udako kanpaldiak euskaraz egiteko eta merkataritza-establezimenduetan errotulazio elebiduna sustatzeko.

Foto noticia

Aranguren Ibarreko Udaleko Euskara Zerbitzuak 2026. urterako dirulaguntzen deialdiak argitaratu ditu jada, udalerrian euskararen erabilera eta ikaskuntza bultzatzeko helburuarekin. Dirulaguntzak herritarrei, establezimenduei eta familiei zuzenduta daude eta hiru ildo nagusi hartzen dituzte: euskara ikasteko bekak, euskarazko kanpaldietarako laguntzak eta errotulazio elebidunerako dirulaguntzak.

Ibarreko herritarrei euskararen ikaskuntzarako sarbidea errazteko helburuarekin, euskara ikasteko bekek matrikularen %75a estali dezakete gehienez (%95era iritsiz langabezia-egoeran dauden kasuetan). Eskaerak egiteko epea 2026ko urriaren 3ra arte egongo da zabalik.

Euskarazko udako kanpaldietarako laguntzak D edo A ereduko haur eta gazteei zuzenduta daude, baldin eta euskaraz soilik garatutako kanpamentu, udaleku edo udako jardueretan parte hartzen badute. Dirulaguntza horiek jardueraren kostuaren %40a estaliko dute, gehienez 125 euro eskatzaile bakoitzeko. Eskaerak irailean aurkeztu beharko dira.

Azkenik, aurten ere Udaleko Euskara Zerbitzuak Aranguren Ibarreko merkataritza-establezimenduen fatxadetan, erakusleihoetan, toldoetan eta ibilgailu komertzialetan errotulu elebidunak jarri edo berritzeko dirulaguntzak emango ditu. Laguntza hauek kostuaren %50eraino iritsi ahal izango dira, eta eskaera errotulazio berria jarri ondoren aurkeztu beharko da, 2026ko abenduaren 11 baino lehen.

Eskaera guztiak Aranguren Ibarreko egoitza elektronikoaren edo erregistroaren bidez egingo dira. Horretarako, dagokion formularioa bete eta bidali beharko da, dirulaguntzaren xede den jarduera egin ondoren.

Interesa duten herritarrek informazio gehiago jaso edo doako aholkularitza-zerbitzua erabili dezakete 948 150 193 telefonora deituta edo euskera@aranguren.es helbidera idatzita.

Volver arriba