Gazteria Zerbitzuak ‘Gozatu gehiago, arriskatu gutxiago, zaindu zaitez alderdi guztietan!’ prebentzio-kanpaina abiarazi du
14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen honek alkoholaren eta beste substantzien kontsumoari, baita sexu-harremanei buruzko jokabide arduratsuak sustatu nahi ditu.

Aranguren Ibarreko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Aranetxeak, ‘Gozatu gehiago, arriskatu gutxiago, zaindu zaitez alderdi guztietan!’ prebentzio-kanpaina berria jarri du martxan, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, eta bereziki 14 eta 17 urte bitartekoei. Ekimen honen helburua alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoaren inguruan, baita sexu-harremanei dagokienez ere bizimodu osasungarriak eta portaera arduratsuak sustatzea da.
Kanpaina hau azken urteetan bai estatuan bai Nafarroan gazteen artean atzemandako arrisku-jokabideen gorakadari erantzuteko sortu da. Azken ikerketen arabera, alkoholaren kontsumoaren hasierako batez besteko adina 13,9 urtekoa da, eta sexu-harremanak 15 eta 17 urte artean hasten dira. Testuinguru honetan, bereziki kezkagarria da sexu-transmisioko infekzio eta gaixotasunen aurkako babes egokirik ez izatea.
Hala, Aranetxearen bidez bultzatutako ekimen honek urte osoan zehar izango du jarraipena, informazio-materialen eta gazteei zein euren familiei zuzendutako jardueren bidez. Kanpainak Ibarreko Gazteriaren Etxean baliabideak eskainiko dizkie gazteei, non informazioa eta prebentzio-materiala eskuratu ahal izango duten. ‘Kit’ prebentiboak Aranetxean eskuragarri egongo dira 2025eko ekainaren 2tik aurrera 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, eta ekainaren 11tik aurrera gainontzeko gazteentzat.
Prebentzio-estrategia honekin, Aranguren Ibarreko Udalak gazteen osasun eta ongizate fisiko zein emozionalarekin bere konpromisoa berretsi nahi du.
Gazteria Zerbitzuak seme-alabekin gai hauen inguruan elkarrizketa irekia izatera animatu nahi die familiei, eta beraien esanetara dago sor daitezkeen zalantzak argitzeko edo laguntza eskaintzeko.