Haurren aurrean helduok heldu
Zer da?
Urrian, 10 egunez (19tik 29ra), Euskaltzaleen Topaguneak baliabideak eman eta tokian tokiko euskaltzaleek ekintzak proposatuko dizkiete guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko. Horrela,12 urtetik beherako haur eta gazteekin harremana duten helduen aktibazioa lortuko dugu.
Aktibaziorako giltzarriak hauek dira: sentsibilizazioa, ahalduntzea eta saretzea. Hau da, proposamena Euskal Herriko herrietan dinamika multzo bat antolatzea da, gurasoak sentsibilizatu, ahaldundu eta saretu daitezen. Aktibazio soziala da estrategia horren helburu.
Helburu nagusiak:
- Helduen arteko – hau da, xede taldearen arteko- hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea.
- Helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea.
Nori dago zuzendua?
0-12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten helduak dira ariketako xede taldea: gurasoak zein zaintza lanetan aritzen diren bestelako senide eta herritarrak. Helduen arteko hizkuntza praktiketan eragitea da helburua (ez gara ari helduek umeei euskaraz hitz egiteari buruz, praktika hau ere bultzatzen dugula esan beharrik ez dagoen arren). Helduak diogunean, umeekin ari diren 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara.
Adi egon Aranguren Ibarrean ekimen honi lotuta antolatuko diren ekintzetara, informazio eguneratua hemen ikusi ahalko duzu aurrerago.