EZKORIZ-ZOLINAKO URMAELA

Ondare naturala

Ezkorizko urmaela, Arangurengo eta Eguesibarko udalerrietan kokatua, joan den mendeko 60ko hamarkadan sortu zen, potasa-meategietako lokatz gazikarak eta lixibiatuak biltzeko, lurraren depresio natural bat aprobetxatuz. Meatzaritza-jarduera amaitu eta urte asko igaro ondoren, urmaela biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspegitik gune estrategiko bihurtu da, eta gure haranaren paisaiaren funtsezko elementu adierazgarri. Bertako uren gazitasunak eragindako landaredi bereziak eta hegazti migratzaileentzako atseden-leku gisa duen garrantziak, urmaela Nafarroako hezegune erreferentziazko bihurtu dute. Orain arte 250 hegazti-espezie inguru behatu dira, eta migratzaileek, esaterako, kurriloek bi urtetik behin egiten duten geldialdi masiboak, Ezkoriz Foru Komunitateko hirugarren hezegunerik garrantzitsuena bihurtu du.

Aspalditik, Arangurengo eta Eguesibarko udalek ahalegin handiak egiten ari gara ingurunea hobetzeko paisaia-berreskurapen bat martxan jartzeko, biodibertsitatea zaintzea eta aisialdirako erabilera uztartuz, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izanik.

2024an, Iruñerriko Mankomunitatearen eta urmaelaren eta inguruko lurren jabe den POSUSAren arteko akordio bati esker, laborantza-eremuak larre bihurtzeko proiektu bati ekin zitzaion, karbono-hustuleku bilakatzeko helburuarekin, haien zerbitzu eta instalazioek sortzen dituzten CO2 isuriak konpentsatzeko.

Horrela, lehen zerealerako erabiltzen ziren lursail zaharretan behi-azienda dago dagoeneko, GPS lepokoak jarrita, tokiko abeltzain eta erakundeekin —hala nola, NUP eta INTIAren bidez Nafarroako Gobernuarekin— lortutako akordio bati esker. Proiektu hau laborategi bizia da lurraren erabileran gertatzen ari diren aldaketak aztertzeko, eta, aldi berean, klima-aldaketaren aurkako neurri eraginkorra da.

Volver arriba