Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko uztailaren 22an

Zer da zoriontasuna?

Foto noticia

Zoriontasuna termino anbiguoa da eta pertsona bakoitzak era ezberdinean ulertzen du. Zenbaiti errezeloa sor diezaieke zoriontasunaz hitz egiteak; beraz, termino sinonimo bat erabiliko dugu, hots, ongizatea, nahiz eta testuinguru batzuetan ezberdintasunik egon daitekeen bi terminoen artean. Hortaz, erabili erosoen egiten zaizun terminoa eta hitzek ez zaitzatela mugatu.

Jendeak garai guztietan bilatu du zoriontasuna eta, gaur egun, pertsona gehienok ere horixe bilatzen dugu gure bizitzetan, nahiz eta pertsona askok ez dugun bere osoan aurkitzen. Zoriontsua izatea gizakiaren oinarrizko xedea da, gizaki guztion xedea, mehatxuak mehatxu eta arriskuak arrisku, hots, munduko pandemiak, baliabideen aldeko borroka, gerrak, gizakiak eragindako berotze globala, ezegonkortasun ekonomikoa, eta langabezia. Izan ere, mundu guztian, zoriona bilatzea giza helburu izugarri garrantzitsutzat jotzen dugu.[1] Kulturaren arabera, zoriona bilatzeak hainbat ezberdintasun izan ditzake.

Zoriona gai nagusia da gure bizitzetan, Brownie Ware-k agerian utzi duen bezala. Izan ere, hil zorian zeuden ehunka gizon-emakumeren damuak aztertu ditu eta hori guztia liburu batean bildu du: “Los 5 mandamientos para tener una vida plena“ [2]. Betirako agur esateko zorian daudenek gehien adierazitako damuen artean hauxe dago, hots, damu dira beren buruari aukerarik eman ez izanaz zoriontsuago izateko:

  • Damu naiz egiazko bizitza bat bizitzeko adorerik eduki ez izanaz, beste pertsona batzuek nitaz espero zuten bizitzaren ordez.
  • Damu naiz gehiegi lan egin izanaz
  • Damu naiz sentimenduak adierazteko adorerik eduki ez izanaz
  • Damu naiz nire lagunekiko harremanei eutsi ez izanaz
  • Damu naiz neure buruari aukerarik eman ez izanaz zoriontsuago izateko

Zoriona faktore garrantzitsua da gure bizitzako arlo guztietan erabakiak hartzeko. Era gutxi-asko kontzientean, aukeran dugun aukera bakoitzak zer zorion maila eman behar digun aurreratuz hartzen ditugu gure erabakiak. Zoriona ekuazioan badago ere, askotan gertatzen da aukeratzen ditugun aukerak ez izatea zorion maila handienak ekartzen dizkigutenak. Hori, neurri handian, gertatzen da ez dugulako tresnarik eta heziketarik betaurreko horiek gure bizitzetan egokiro txertatzeko[3].

Zoriontasuna ez da helmuga bat, bide bat baizik, eta pertsona bakoitzak berea aurkitu behar du. Zoriona berez da xede, ez baitugu bitarteko giza bilatzen, ondotik beste gauza bat lortzeko. Ezin dugu kafesnearen errezeta erabili pertsona guztientzat, baina osagai asko komunak zaizkigu.

Lehen bereizketa zorionaren denbora-muga da. Hau da, batetik dago unean uneko poz edo alaitasun esperientzia batek dakarkigun zoriontasuna, edo bestela esanda, gertakari zehatz batek denbora-tarte labur baterako eragiten ahal digun zoriontasuna; adibidez, estimatzen dugun pertsona bat topatzeak edota nahi genuen gauza bat gertatzeak ematen digun zoriona. Eta bestetik, epe luzerako zorion-ikuskera, bizitza bide bat bezala ulertuta. Ziurrenera, lehen adiera “egon” aditzarekin jokatu dezakegu, eta bigarrena, berriz, “izan” aditzarekin, hau da, “zoriontsu nago” eta “zoriontsua naiz”. Epe luzerako kontzeptuan, bi zorion mota hauek bereiziko ditugu:

  • Zoriontasuna hedonista, ikuskera indibidualistan oinarritua, hau da, plazera ahalik eta gehien handitzea, helburuak lortzea, eta une txarrak ahalik eta gehien gutxitzea. Hortik heldu da.

Zoriontasun eudemonikoa edo iraunkorra, hau da, geure burua loratzera bideratzea, geure bizitzaren esanahi bat lortzera, geure lekua munduan aurkitzera, gure bizitza ona dela sumatzera, eta gu geu baino handiagoa den zerbaiten parte sentitzera. Hurbilketa hau harreman mailara dago bideratuagoa.

Azken buruan, zoriontasuna erabaki bat da. Beraz, zoriontasun maila apalagoak adierazten dituzten pertsonen aldean, pertsona zoriontsuagoei

  • Askoz ere hobeki dihoakie oro har maitasunean, lanean eta osasunean.
  • Bizimodu osasungarriagoak dituzte, jarduera fisiko gehiago egiten dute, estresa eta antsietatea murriztuta; horren eraginez, osasun fisiko eta emozional hobea dute, bai eta bizi-itxaropen handiagoa ere.
  • Jokabide jasangarriagoak garatu ditzakete erraztasun handiagoz.
  • Gizarte harreman hobeak dituzte (hori alderdi kritikoa da zoriontasunean) eta errazagoa zaie beste pertsona batzuen laguntza eta konfiantza jasotzea, maiteagoak direlako.
  • Harreman eta egoera korapilatsuak hobeki moldatzen dituzte
  • Solidarioagoak eta laguntzaileagoak dira
  • Indartsuagoak dira, hobeki moldatzen dira beren komunitateetan (lanean, auzoan, etab.) eta diru-sarrera handiagoak dituzte. Gainera, proaktiboagoak dira gizarte arazoak konpontzeko.
  • Sorkuntza eta berrikuntza bultza ditzakete, emozio positiboak maizago esperimentatzen dituztelako.
  • Erresilienteagoak izan daitezke, malguago eta asmamen handiagoz pentsatzen baitute; hori dela eta, estresetik lehenago oneratzen dira, bai eta kontrako gorabeheretatik ere.
  • Aukera gehiago dute politikan parte hartzeko eta bozkatzeko. Zoriontasunaren eta gobernantzaren arteko azterlanak hasiberriak dira, eta oraindik badago jorratu beharreko alor handi bat.
  • Ikaskuntza eraginkorragoa garatzen dute.

Ikusten duzun bezala, badira arrazoi asko zoriontasunaz kezkatzeko, hala banaka nola taldeka.
Aranguren Zoriontsu https://www.aranguren.es/eu/arangurenzoriontsu proiektuaren bidez prozesu parte-hartzaile bat eginen dugu Aranguren Ibarrerako ongizate plan bat garatzeko. Udan ongizateari buruzko argitalpenak eginen ditugu sare sozialetan; beraz, argitalpenei jarraitzera gonbidatzen zaitugu, eta irailean, berriz, tailerretan parte hartzeko gonbitea egiten dizugu, denon artean udalerriari buruzko ikuspegia sortzeko, bertako ongizaterik handienari dagokionez. Tailerretan, halaber, dagoeneko egiten ari diren praktikak identifikatzera gonbidatzen zaitugu, bai eta bakoitzak udalerriaz duen ikuspegia gauzatzeko ekintzak zehaztera ere. Zure zain gaude!