2026ko maiatzak 12

Hasi da Aranguren Ibarreko Haurtzaroaren lehen Diagnostikoaren prozesua

Udalak Ibarreko 0 eta 12 urte bitarteko haur eta neska-mutilen beharrak, bizipenak eta proposamenak ezagutzeko parte-hartze prozesu bat sustatu du.

Foto noticia

Aranguren Ibarreko Udalak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez, Ibarreko Haurtzaroaren lehen Diagnostikoa jarri du abian. Ekimen aitzindari honek 0 eta 12 urte bitarteko haur eta neska-mutilen errealitatea sakon ezagutzeko aukera emango du, haurtzaroari zuzendutako etorkizuneko udal politikak bideratzeko.

Aranguren Ibarra udalerri gaztea da, eta bertako haur-populazioaren presentzia Nafarroako batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da: biztanleen %18,29k 0 eta 12 urte artean ditu, Nafarroako Foru Erkidego osoan %11,99koa den bitartean.

Egoera honek aukera handia eskaintzen dio Ibarrari, baina baita erantzukizun bat ere: Ibarreko haurrek nola bizi diren ulertzea, haien egungo eta etorkizuneko beharrei hobeto erantzun ahal izateko.

Helburu horrekin, Udalak diagnostiko-prozesu bat bultzatu du, datuen analisia soilik egingo ez duena; aitzitik, haurren eta haien ingurukoen ahotsa erdigunean jarriko du. Izan ere, diagnostiko hau ez da haurtzaroari buruz egingo, haurtzaroarekin batera baizik.

Horrenbestez, proiektuak metodologia berritzaile eta parte-hartzailea izango du, eta bertan haurrek zuzenean parte hartuko dute, adin desberdinetara egokitutako tailer, ibilaldi eta dinamiken bidez. Gainera, familiek ere hartuko dute parte inkesten eta parte-hartze laborategien bidez. Baita Ibarreko hiru ikastetxeek; kirol, kultura eta gizarte erakundeek; eta udaleko langile teknikoek.

Halaber, prozesuak haurtzaroa zeharkatzen duten errealitate anitzak kontuan hartuko ditu, generoa, adina, familia-egoera edo zaurgarritasun egoerak bezalako gaiak aintzat hartuz, udalerriaren argazki zabal eta adierazgarria lortzeko helburuarekin.

Prozesuaren amaiera gisa, diagnostikoak, 2026 honetan zehar, emaitzen aurkezpen publikoa jasoko du, Ibarreko haurtzaroarekin lotutako hainbat espaziotan ibiliko den erakusketa ibiltari baten bidez. Horrela, ondorioak eta proposamenak herritar guztiei hurbilduko zaizkie.

Hala, Haurtzaroaren Diagnostikoa Aranguren Ibarra erabakiak hartzeko orduan askotan presente ez daudenak —haurrak— gehiago kontuan hartuko dituen udalerri bat eraikitzeko helburuarekin sortu da. Horren bidez, Aranguren Ibarreko Udalak haurtzaroaren entzute aktiboaren aldeko apustu sendoari eusten dio; izan ere, hori ere politika publiko hobeak eta udalerri atseginago, inklusiboago eta etorkizunerako prestatuago bat eraikitzeko modu bat da.

Parte hartu edo kontsultatu Haurtzaroaren Diagnostikoari buruzko informazio guztia hemen klik eginez.

Volver arriba