- Hasiera
- >
- AI06 – Ilundaingo baso biziduna – ARANIPUINAK
AI06 – Ilundaingo baso biziduna – ARANIPUINAK
ARANIPUINAK
Ibilbidea:
Ibilbide zirkular honek 4 kilometro inguru ditu. Ibilbidea, familian egiteko egokia, Ilundaingo Parking publikoan hasi eta amaitzen da. Pista tarteak ditu baina baso tartean bidexka ugari pasako dira. Bidean toponimo batzuen kokalekua ezagutuko dugu, esate baterako, Olendain, Ezpelgorria, Potxe eta Arikita mendia. Ibilbidean zehar egurrezko hainbat taila ikusiko ditugu “Baso bizidunean”, baita 400 urte inguruko haritza ere.
Hasiera: Ilundaingo Parkina.
Distantzia: 3,62 km.
Desnibela: 151m.
Gehieneko altuera: 776 m.
Zailtasun maila: Ertaina.
Denbora: ordu 1.
Ibilbide mota: zirkularra.
AUKERAK:
- Ibilbideari buruzko informazioa pdf formatuan deskargatu (5MB)
- Wikiloc-en ibilbidea ireki eta deskargatu.
KONTUZ! Arreta berezia jarri errepide-gurutzaketetan, ez zaitez despistatu. Euria egiten duenean, bide-tarte batzuetan lokatz asko izaten ahal da. |
Ilundaingo baso biziduna
Ilundaingo Baso Bizidunean izaki eta animalia ugariren zurezko tailak ikus daitezke, hauek guztiak Olendain mendixka pasa eta gero ezpelgorrian ikusi ahal dira, baita Potxen ere, baina jakin nahi al duzu hauen guztien istorioa zein izan zen? Adi egon gure hartzaren istoriora.
Lehenik eta behin Ventura Ruizen ipuina, ibilaldia egin aurretik ikustea aholkatzen dizuegu, etxean edo ibilbidearen hasieran, Tablet edo telefonoaren bidez.
Etxetik atera baino lehen wikilokeko ibilbidea deskargatu dezakezue eta bideari buruzko informazio gehiago duen PDFa deskargatu eta inprimatu.
Ondoren, ibilalditxoa egin eta istorioaren kokaguneak bisitatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu:
Ibilbide zirkularra da eta Ilundaingo parkinean hasi eta amaitzen da. Bideak pista zatiak baditu ere, batez ere mendi-bideetatik doa. Bide hasieran eta ibilbidean zehar ez dago ur iturririk, beraz aldez aurretik etxetik eraman beharko duzue. Ibilbideak “Baso bizidunaren” zati bat egiten du eta bertan txikiek egurrezko taila ugariz gozatu ahalko dituzte.
Olendain (norbaiten jabetza adierazten du), Ezpelgorria (zuhaixka mota bat), Potxe (arroila) eta Arikita mendia (Ariztia hitzetik etor liteke agian) izeneko lekuak ere identifikatu ahal izango ditugu.
400 urteko inguruko haritza ikus daiteke ibilbidearen zati batean. Baita Ilundain Haritz-Berri Fundazioak duen animalien berreskurapen zentroko zelai batean astoak eta zaldiak ere.
Kotxea Ilundaingo Parkinean utzi, hemen hasiko da ibilbidea. Mendirantz abiatu errepidetik, “Baso biziduna”-ren ikurra parkinaren kanpoaldean dagoen gezi batean ikusiko duzu.
Errepidea jarraitu, aldapan gora, eta berehala
eskuinaldean pinudi bat ikusiko duzu, |
mendixka honetan dagoen toponimoa OLENDAIN da (baliza bat aurkituko duzu), “-ain” amaiera horrek eremu honen jabetza norbaitena zela erakusten digu. |
Orain dela, gutxi gora behera, 400 urte Potxe mendia eta Arikita mendia oso mendi sendo eta garaiak ziren. Haien magaletan belarra, pinudiak eta, batez ere, ezpelgorriak hazten ziren. Gainera, baso hauetan animalia ugari zeuden, bizitzeko leku zoragarria zelako. |
Errepidearen eskuinaldean zementu txuriduna duen bidexka bat ikusiko duzu, hau jarraitu aldapan gora.
1. BIDEXKA
Argazkian ikusten den
mendi horretan (urrunean) Potxe toponimoa dago kokaturik). |
Bidean zehar hainbat puntutan basarrosak (Rosa eglanteria) ikusiko dituzu, uda amaieran fruitu gorriak ditu. Honen fruituak hartzea eta uretan gau bat beratzen uztea onuragarria da baldin eta hurrengo goizean ur hori edaten bada, C bitamina ugari jasoko du zure gorputzak, on egin! Gainera, “rosa mosketa” deituriko ukendu famatuak oinarrian landare hau dauka. Beraz, sendabelar interesgarria dugu honakoa. |
2. GURUTZEA
Aurrera jarraitu ibilaldian eta eskuinaldean ikusten den harrizko bidexka jarraitu beharko duzu.
Garai batean, atso bat baso honetan bizi zen. Zuhaitzen haziak oso ongi ezberdintzen zituen eta mendietan zuhaizti batzuk sortzen zituen: pinudiak, hariztiak, pago zelaiak… Kontu handiz ukitzen zituen haziak, tentuz zulo bat egiten zuen aldez aurretik aukeratutako leku zehatz batean, mimoz laztantzen zituen haziak zuloan sartu baino lehen eta, hitz egoki bat xuxurlatzean, lurraz estaltzen zituen. Horrela lortzen zituen zuhaitz sendo eta ederrak haztea. Basoa trinkotzearekin batera, animalia kopurua hazi zen, bizitzeko oso leku ona zelako: Hartzak, azkonarrak, urtxintxak, trikuak, basurdeak, hontzak eta harrapakalari ezberdinak, igelak, arrainak eta kastoreak urmaelean eta erreketan, zaldiak eta erbiak zelaietan… Baina, animalia horiekin batera baso hauetan bestelako izaki berezi batzuk ere aurkitu ahal ziren: lamiak, sirenak, ipotxak… |
3. BIDEXKA
Bide honetatik ibiltzerakoan metalezko hesi bat agertuko da eta bertan, sorgin bat zurezko tailu batean “Baso biziduna” izenburuarekin ikusiko duzu.
Aspaldi batean, kazkabarrak gaur egungoak baino gogorragoak ziren eta momentu batzuetan landatu berri ziren arbolak erabat suntsituak geratzen ziren eta animalia gehienak, babesik gabe, ekaitza hauen ondorioz zaurituta eta minduta geratu ohi ziren. Gure atsoa hain jakintsua zenez inguruko sendabelar guztiak ezagutzen zituen. Basarrosak askotan erabiltzen zituen oliotan, haien fruitu gorriak oso gomendagarriak direlako azalaren gaixotasunak sendatzeko eta horiekin eta beste landare askorekin ukendu ezberdinak prestatzen zituen. Normalean, zauritutako animaliak berarengana hurbiltzen ziren laguntza eske. Haziak maitatzen zituen bezala, animaliak eta bestelako izakiak ere gogoko zituen, eta banan-bana, zaintzen zituen haien zauriak sendatu arte. Ilundaingo basoaren giroa oso polita zen. |
Hemen, puntu honetan, zauden lekuan eskuinera begiratuta, zelai bat ikusiko duzu eta
zelai honen barnealdean laukizuzen itxurako eremu batzuk ikusiko dituzu (argazkia), hau zenbait zelaietan egiten den praktika bat da, kazkabarra egon deneko seinalea izaten da eta zelai hori landatzen dutenek peritua (aseguruak) pasatzeko eta kalteak baloratzeko, horrelako zati laukizuzen bat uzten ohi dute.
|
Behin batean, kazkabar ekaitz ikaragarri batek gure atsoa basoan zehar harrapatu zuen. Olendainen zegoen pinudi bat lantzen. Ahal zuen bezala bere etxeraino arrastaka joan zen minduta baino minduago eta, bere etxean sartu bezain pronto, apalategi batetik eskura zegoen lehendabiziko potea hartu zuen. Mina kentzeko ukendua bere gorputz guztian zabaltzen hasi zen eta…pixkanaka-pixkanaka…. bere gorputza zur bihurtu zen. Ai, ene!, ze desastre!…. |
Pinudiez inguraturiko bidetik aurrera jarraitu, eta pixka bat aurrerago ezkerraldean bidexka txiki bat ikusiko duzu
grisargidun marga batzuk azaleratzen diren eremuan. Marga deitzen zaio arroka sedimentario honi, gogortutako buztinak dira, arroka bihurtu dira alegia, konkretuki, duela 40 milioi urte ingurukoak dira hemen inguruan zapaltzen gabiltzan arrokak. |
Ezkerraldean ikusten dugun guztia, mendixka alegia, EZPELGORRIA izeneko toponimoa kokaturik dago. |
Bidean zehar zuhaixka hauek, ezpelak, ikus daitezke, hauek oso zur gogorra dute, eta askotan zurginek, zura lantzen duten pertsonek, hau gogoko izaten dute. |
Aurrerago eskuinaldean, “Ilundaingo Basoa“ dioen kartel bat ikus dezakegu. Beraz, orain arteko bidea utzi eta eskuinerantz jarraituko dugu.
Atxoa eta gero, kazkabarraren ondorioz beste zauritutako izaki eta animalia batzuk ailegatu ziren eta atsoa zur bihurtuta ikusi zutenean, haiek, egoera horrekin ez zekiten zer egin. Ukendu pote guztiak irekitzen hasi ziren, eta bata besteari ukendu ezberdinak lohitzen jarraitu zuten, eta horrela pixkanaka-pixkanaka denak zur bihurtu ziren. Atsoaren etxera ailegatu zen azkena hartza izan zen eta egoera hau ikusita, penatuta, negarka, zurezko animalia eta izaki guztiak basora eraman zituen. Horrela sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Baso Biziduna. Gure istorioaren atsoa aldiz, garraiatu zuen azkena izan zen. Baina atsoa ez zuen edozein lekutan begi bistan utzi. Lurperatu egin zuen eta lurperatutako leku horretan taula bat jarri zuen bere irudiarekin. Denboraren poderioz, taulan zegoen atsoaren irudia aldatuz joan zen eta gaur egun sorgin baten irudiarekin nahastu dezakegu. |
Laster ikusiko ditugu zurezko tailu ezberdinak, eta bidean aurrerago, erlauntza hori bat ikusiko duzu, bertatik eskuinera maldan behera bazoaz, kartel handi bat ikusiko duzu “Arangurengo Udala” dioena, bertan, Ilundain Haritz Berri Fundazioak animaliak sendotzeko eta osatzeko erabiltzen duen zelai batean
astoak eta zaldiak ikusi ahalko ditugu noizean behin (zortea baldin baduzu). |
Gero, buelta eman eta aldapan gora joan erlauntza horia ikusi arte, goruntz jarraitu, bide nagusira atera arte, gezia jarraitu. Harrizko pista hau jarraitu eta momentu batean hesi batekin egingo dugu topo (tximeleta berde handi bat ikus daiteke), bertatik gurutzatu eta berriro itxi hesia lehen zegoen moduan utzi, eremu guzti hau
tximeletaren mikroerreserba bat da, beraz, ez harritu hainbat koloretako pinpilinpauxak ikusten badituzu (batez ere, udaberria eta uda partean). |
Maldan gora jarraitu eta berriro ere hesi bat gurutzatu beharko duzu (aurrekoan bezala itxi pasatzerakoan, bestela pinpilinpauxek alde egingo dute!). Justu puntu honetan,
ezkerraldera begiratuta hurrenean Ezkorizko urmaela ikusiko duzu (zati bat Zolinan eta beste bat Badostainen kokatuta dagoena). |
Eskuinaldeko mendiak ARIKITA toponimoa dauka. |
Gure istorioaren hartzak, atsoaren etxea zegoen lekuan haritz hazi bat landatu zuen, atsoak egiten zuen modu berean: hazia laztandu eta hitz polit batzuk xuxurlatzen alegia. Horrexegatik, gaur egun leku horretan 400 urte inguru dituen haritza eder bat aurkitu dezakegu. |
Bidean gora, ezkerraldean,
400 urte inguruko haritz baten itzaletan gezi txiki bat ikusiko duzu, hori jarraitu eta eskailera batzuk jaitsi beharko dituzu, hemen aurkituko dituzun zuhaitz gehienek goroldioz jantziak daude. Apurtutako enbor zahar asko ere ikusiko dituzu, baina hau horrela egotea basoarentzat onuragarria da, hain zuzen ere, hildako landaredia hemen geratzen bada ekosistema zainduko da, ongarri moduan, baita intsektu edota ziza eta onddo ugarik aprobetxatuko dutelako ere eta hauek gainera bestelako izaki bizidunak elikatuko dituzte. Bidean, elorri zuri zuhaitz pare bat ikus daitezke, uda partean sagar gorri fruitu txikiak zintzilikatuta dituzte, zuhaitz honen loreak oso erabiliak izan dira gizakion odol zirkulazioa hobetzeko infusioetan erabiliaz. |
Zuhaitz artean bidea jarraitu ezkero, beste zurezko taila batekin topo egingo duzu: etxetxo batzuk. Gero maldan gora, eskuinera jarraitu bidea, eta berehala ikusiko duzu ezkerretan seinale bat: “HAYAS DESEOS / PAGOAK”, orduan bide nagusi batetara aterako zara:
Milagrotik Aezkoara doan Errege Altxonbidea da honakoa. |
Eskuinera biratu eta berehala 4-5 metrotara ezkerraldera maldan gora doan bidexka bat hartu behar duzu (gezi batek markatuko dizu). Beste bide batetaraino malda igo behar da, eta gero ezkerretara bira egin,
Potxe mendia zeharkatzen ari zara. Hemendik, urrunera eta ezkerraldeko bistan, Ezkorizko Urmaela ikus daiteke. |
Hartza bakar-bakarrik geratu zen Ilundaingo basoan, etsita. Hain triste eta bakarti sentitu zen… Noizbehinka, zur bihurtutako izaki eta animaliak ikustera joaten zela eta hauen alboan, usain ona duen oregano landarea landatu zuen. Egunak joan, egunak etorri, hartzak erabaki bat hartu zuen. Erabaki gogorra, egia esan. Berak bere azala zur bihurtzeko ukendu berberarekin estaliko zuen eta horrela zurezko hartza batean bilakatuko zen beste izakiekin Baso Bizidunean egoteko. |
Ibilbide osoan zehar, alboetan oregano landarea ikusiko duzu (udaberrian loratzen da), landare hau sukaldatzeko erabili ohi dugu mediterranear gastronomian, baina pinpilinpauxek asko maite dute eta beraien dietan elikagai garrantzitsua da, horregatik mesedez basoa errespetatu eta ez hartu landarerik. |
Aurrera jarraitu ezkero, momentu batean
lurrean errenkadan dauden arroka batzuk ikusiko dituzu, ondare arkeologikoa izan daiteke? Edo, animaliak edateko aska zahar baten arrastoak ote dira? Ala, etxe zahar baten pareta da? (ez dago argi, Aranzadi Zientzia Elkartearentzat lan gehiago). |
Istorioan, hartza abiatu zen atsoaren etxera, hartu zuen ukendu potea eta etxearen atea betiko itxi zuen. Etxe hori, denboraren poderioz goroldioz estali zen eta pixkanaka-pixkanaka usteldu zen guztiz desagertu arte, bere ordez, lehen aipatutako haritza hazi egin zen. Gure istorioaren hartzak Baso Biziduneanzehar gustukoen zuen txoko bat aukeratu zuen eta bertan gorputz osoan zehar zur bihurtzeko ukendua eman zuen, bere azken arnasarekin irri egin zuen eta gaur egun hartza irribarretsu bat ikusi dezakegu. |
Momentu batean, maldan behera egitea tokatuko zaizu, eta eskuinaldeko bidea hartu (gezi batek ibilbidea markatuko dizu). Laster eskailera batzuk ikusiko dituzu eta urrunean parkina ikusiko duzu, errepidera atera eta ibilbidea hasi duzun leku berdinera bueltatuko zara.
Ipuinaren amaieran, Baso Bizidunera joaten bazarete, hunkigarria izanen da aurkituko duzuena: Hartzak bere garaian landatu zituen oregano landareek pinpilinpauxak erakartzen dituzte eta zur bihurtutako animali eta izaki ezberdinei, berriak, kondairak eta hartzaren istorioa kontatzera joaten dira tximeletak. |
Ongi pasa!
JOLASAKErronka bat proposatzen dizuegu hemen, ea nork esaten duen azkarrago PINPILINPAUXAREN AHOKORAPILOA: “PINPILINPAUXA KALAPUTZI |
JOLASAKAbesti proposamena: Sorgina Pirulina https://www.youtube.com/watch?v=_OIDCx94Dlw |